2015(e)ko azaroaren 12(a), osteguna

IKT-ko tailerra amaierarik gabe. VOKI

Haurrekin inoiz ez dago jakiterik, eta hasiera batean gure tailerra elkarrizketa motz bat besterik izango ez zela pentsatzen genuen arren, azken batean luzerako izango dela dirudi. Irakasleari ideia paregabe iruditu zaio Voki programa idatziak (gazteleraz kasu honetan) eta ahozkoak lantzeko tresnatzat erabiltzea. Gainera, bide batez kultur aniztasunari buruz hitz egiten jarrai dezake urtean zehar. Hau dela eta, tailerrarekin aurrera jarraitzea erabaki du!

Hau entzuteak benetan poztu nau, ikasle eta tutoreak geure proiektua aurrera eramaten laguntzeaz gain, guk ere haiek lagundu ditugula dirudielako; haientzat ere proiektu hau erabilgarria izan delako. Haurrei gainera, idatziak lantzea askoz errazagoa egiten zaie era honetan, helburu batekin egiten baitute; Sofiari erantzun bat ematea.  

Esan nizuen bezala, aurreko astean Sofiaren erantzuna txertatu genuen ikasleen blogean. Esan bezala, elkarrizketa honek luzerako daukala dirudienez, irakasleak astero bikoteka erantzun bat idaztea proposatu die ikasleei. Lehen bikoteak idatzitakoa eta Sofiaren erantzuna hemen uzten dizuet: 
AITOR SOFIA

2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

Antzerkia. Jontxuren lapikoa

Atzo Aitor Ikastolako ikasleek antzerki bat ikusteko aukera izan zuten. Antzerki hau emakume bakarrak burutu zuen, musikaren eta hainbat materialen (kaxak, pertxak eta arropa) laguntzaz. 

Emakumeak arropa atalak erabiliz hainbat pertsonaia sartu zituen; hauek pertxetan tente jarriz, eskuaren laguntzaz mugitzen zituela. Era honetan, eta sarrera txiki baten laguntzaz, antzerkiak islatu zuen mezua ondorengoa izan zen: Askotan, oraindik ere erabilgarria den arropa botatzen dugu. 


Arropari erabilera hau emanez, emakumeak jontxuren lapikoaren istorioa antzeztu zigun:

"Jontxu lapiko bat itsatsita zuelarik jaio zen, eta geroztik lapikoarekin bizi da. Lapiko honekin bizitzeak, zailtasunak ekartzen dizkio Jontxuri batzuetan, lapikoa toki guztietan trabatzen baitzaio. Gainera, inguruko batzuek Jontxu baztertzen dute arraroa dela pentsatzen dutelako. Hau dela eta, Jontxu oso triste jartzen da, beti traba egiten duela pentsatzen duelako; ezertarako balio ez duela. Azkenean, pertsona beten laguntzaz, Jontxuk lapikoarekin bizitzen ikasten du, eta bere burua den bezalakoa onartzen". 
 
Istorio hau antzeztuta, ondorengoa azaldu zuen emakumeak: "Lapikoa nortasunaren adierazle izan da antzezlanean. Gutako bakoitza lapiko (nortasun) ezberdin batekin bizi da. Denok daramagu lapiko bat gurekin, eta gainontzekoena errespetatzeaz gain, guk ere geurearekin bizitzen ikasi behar dugu, izugarrizko balioa duela ahaztu gabe".

2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

IKT-ko tailerra martxan. Azken emaitza


Ikasleen artean Sofiari erantzuna prestatu ondoren, aurreko astean sortu genuen pertsonaia birtualean (Aitor) itsatsi dugu testua. Hau izan da denon arteko lanaren bidez ateratako emaitza: 

Ikusi dezakezuenez, ikasleek sortutako erantzunak Sofiaren aldetik beste erantzun bat eskatzen du; beraz, guk Sofiaren pertsonaiean honako erantzun hau prestatu dugu: 



Ea haurrei gustatzen zaien  Sofiak dioena, eta ea zein den haien erantzuna!