2015(e)ko urriaren 30(a), ostirala

PRACTICUM I. Musika mundura hurbiltzen

Gaurkoan, kontzertu pedagogikoa ikusteko aukera izan dut Egiako Musika eta Dantza Eskolan. 
 
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako hainbat irakaslek haurrei zuzendutako kontzertuak antolatzen dituzte; kontzertu pedagogikoak edo entzunaldi aktiboak. Entzunaldi hauen helburua, ikasleak musikaren mundura hurbiltzea da, musikarekiko zaletasuna sustatuz eta musika-tresnak jotzera bultzatuz. 
 
Hau aurrera eramateko, haurrek ezagunak eta atseginak dituzten obrak erabiltzen dituzte, beharrezko moldaketak eginez. Gainera, kontzertuetan dinamismoa lortzeko, antzeztu egiten dute musikaren erritmoa jarraituz, baita haurren parte-hartzea bultzatu ere (eskema erritmikoak errepikatuz, melodiak abestuz, instrumentuak probatuz...)

Adinaren arabera, kontzertu ezberdinak antolatzen dira. Gaurkoan, Lehen Hezkuntzako 4.mailako haurrei zuzendutako kontzertu pedagogikoa ikusi dugu, “Musikortxea jatetxea”, zeinak helburu zehatz bat zuen: Forma musikal batzuk ezagutzea (ostinato erritmikoa, ostinato melodikoa, kanona...), musika eta antzezlana erabiliz. 
 
Esperientzia ederra izan da, haurrek primeran pasa dute eta nire iritziz haurrak musika mundura hurbiltzeko eta harekiko jarrera positiboa lortzeko modu aproposa da.

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

PRACTICUM I. Gelako ardurak

Gaur, gelakideen artean ardurak banatu ditugu. Ikasleak 5 taldetan banatuta daude, eta talde horietako bakoitzeko ikasleek ardura ezberdin bat dute; hala, talde guztietan izango da koordinatzaile bat, idazkari bat, bozeramaile bat, laguntzaile bat eta material arduradun bat. Ikasle bakoitzak, esleitu zaion arduraren arabera, zeregin batzuk izango ditu betetzear ikasgela barruan. Hala ere, talde batzuetan 5 ikasleko kopurura iristen ez direnez, ikasle bakar batek bi ardura hartu ditu. Gainera, ardura hauek aldatuz joango dira kurtsoan zehar, ikasle guztiek ardura ezberdin guztiak izateko asmoz. 

Ardura bakoitzaren zereginak erabakitzeko, ardura bereko ikasleak taldeka bildu dira, eta denbora batez haien eginbeharrari buruz eztabaidatu dute. Ateratako emaitza honakoa izan da: 

KOORDINATZAILEAREN ZEREGINAK
  • Irakaslearen azalpenak entzun ondoren, taldekideei egin beharrekoaren berri emango die.
  • Taldekideren batek zer edo zer ulertzen ez badu, azalpenak emango ditu.
  • Norbait despistatzen bada, koordinatzaileak adi egoteko esango dio.
  • Lana egiteko garaian erabili beharreko teknikak errespetatu eta taldekideei gogoraraziko dizkie.

BOZERAMAILEAREN ZEREGINAK
  • Taldean eztabaidatutako iritziak ozenki esango ditu.
  • Denen aurrean ozen irakurri aurretik prestatu egingo du( 2-3 aldiz irakurriz).
  • Taldekideei galdetu ea ados dauden ozen esan beharrekoarekin.
  • Taldean erabakitako ideiak talde handian esango ditu.
  • Zailtasun baten aurrean irakaslearekin hitz egingo du.

IDAZKARIAREN ZEREGINAK
  • Taldeko lana egiten ari garenean isiltasuna mantenduko du.
  • Lana egiteko dagoen denbora kontrolatu eta taldekideei jakinaraziko die.
  • Taldekideei animatu (gauzak ondo egiten dituztenean, saiatzen direnean...).
  • Taldekideen arteko borrokak ekiditen saiatuko da.
  • Taldeko giroa lasaia izateaz arduratuko da.

MATERIAL ARDURADUNAREN ZEREGINAK
  • Lanean hasi aurretik beharrezko materiala mahi gainean utziko du.
  • Beharrezko materiala taldekide guztiei banatuko die.
  • Lanarekin amaitzean, erabilitako materiala bere tokian gordeko du.

LAGUNTZAILEAREN ZEREGINAK
  • Taldekide bat etortzen ez denean, laguntzaileak bere lana egingo du.
  • Behar dutenean, taldekideei lagunduko die. 

Azaldutako hau hobeto ulertzeko, gelako espazioaren antolaketaren eskema erraz bat utziko dizuet hemen, ardura bakoitza kolore ezberdin batekin islatuz

























Zeregin hauek betetzea ez da lan erraza, baina denek haien aldetik gogoak jarriz gero, gelan lan giro egokia lortzen lagunduko dute. Gainera, haurrek ardurak izatea zer den esperimenta dezakete era honetan. 


2015(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

IKT-ko tailerra martxan. VOKI (Bigarren zatia)


Gaur, gaztelerako ordua aprobetxatuz, tailerraren bigarren zatiari ekin diogu; haurrak haien pertsonaia birtualak Sofiari zer erantzungo dion erabakitzen ibili dira. Irakasleok gauza bakarra eskatu diegu ikasleei haien lana bideratzeko: ikasle guztien parte hartzea.
 
Hau esanda, ikasleak ideiak bota dituzte ozenki, gainontzeko ikasleek ideia horri buruzko iritziak ematen zituzten bitartean (esaldia hobetzeko edota aberasteko asmoz). Ikasle guztiek izan dute zerbait esateko aukera. Ideiak finkatzen genituen bitartean, ikasleetako batek koaderno batean bildu ditu eta egia esan elkarlan honen ondorioz oso testu aberatsa sortu dute, ideia asko eta interesgarriz betea. Gainera, testu hau idazteak Sofiaren kulturaren berri izateko interesa sortu die haurrei, beraz, interes hau asetzearren Sofiari honen inguruko galderak egitea erabaki dute. Honen ondorioz, geure tailerra ez da erantzun soil batean geratuko, oraindik ere Sofia-ren eta Aitor-en (pertsonaia birtualak) arteko elkarrizketak aurrera jarraituko du, eta nork daki noiz arte!

Testu hau burutzeak gainera kultur aniztasunari buruz hitz egiteko bidea zabaldu digu, eta denbora labur batez izan bada ere, honen inguruan hitz egiten ibili gara gelan. Honen harira, Sofiaren kasua ikasgelako beste hainbatek bizi izan dutenarekin lotu dugu; gogora ekarri dituzte ikasle hauei egindako harrerak eta haiekin izan duten jarrera; eta ikasleek honen inguruan hitz egiteko eta sentimenduak adierazteko aukera izan dute.

Oraindik tailerra ez dugu guztiz amaitu, azken zatia dugu burutzear; pertsonaia birtualari testua gehitu eta ateratako emaitza ikusita blogera igotzea. Hau egin ondoren, ikasleen elkarlanaren fruitu izango den pertsonaia hau blogera igoko dut nik ere, zuek ikusi ahal izateko!

2015(e)ko urriaren 23(a), ostirala

IKT-ko tailerra martxan. VOKI (Lehenengo zatia)


Gaur, taldeko 2k (Leire eta nik) IKT-ko tailerra jarri dugu martxan Aitor Ikastolako 4.mailan. Amerikako gaiarekin hasi garela eta, ordu hau aprobetxatu dugu haurrei prestatua genuen pertsonaia birtuala erakusteko.

Leire gelan sartu da bere burua aurkeztuz, eta bidebatez haien blogean zerbait arraroa ikusi duela azaldu die ikasleei; hitz egiten duen pertsonaia bat. Hau entzun orduko haurrei jakinmin handia sortu zaie, beraz, informatika gelara joan gara laster batean misterioa argitzera; eta han, blogean sartuta Leirek aipatutako pertsonaia ikusi dugu denok batera:

"Personaia hau Sofía deitzen da eta Argentinakoa da (atzoko klasean munduko mapa bidez Amerikaren kokapenaren inguruan ibili zirenez, erraza egin zaie Argentina non dagoen ulertzea). Sofíaren gurasoek lana aurkitu dute Euskal Herrian eta honen ondorioz bere herria atzean utzi beharko dute. Sofía kezkatua dago, hemen erabiltzen dugun hizkuntza ez delako Argentinan erabiltzen dutenaren berdina, gainera haren lagunak eta familia ere atzean utzi beharko ditu eta triste sentitzen da." Hemen uzten dizuet prestatu diegun bideo txikia:



Hau ikusita haurrei galderak egin dizkiegu, azken helburu batera iristeko asmotan: Haurrek, pertsonaia birtual honi erantzun bat emateko, haiek ere beste pertsonaia bat sortu behar dutela ondorioztatzea. Horretarako honako galdera hauek egin dizkiegu: “ erantzun bat eman beharko diogu ezta?”, “zer esango diogu? Eta nola?”. Hasiera batean haien artean eztabaidatu ondoren, haurren erantzunak ondorengoak izan dira: “zergatik ez diogu karta bat idazten? Eta postal bat?”, “bere etxera deitu dezakegu”. Orduan argi utzi diegu ez dugula bere helbidea, eta etxeko telefonoa ere ez, guk ez dakigula bideoan esandakoa baina gehiago pertsona hartaz.

Azken batean, ikasleetako batek ordenagailuko pantailara begiratu eta esan du: “bideo hori bezalako bat egin dezakegu denon artean”. Hau entzun orduko tutoreak eta guk ikasleei honi buruz pentsatzeko esan diegu, denon artean erantzun bat emateko era on bati buruz. Saioa amaitutzat eman dugu eta bazkalorduko denbora eman diegu honen inguruan hausnartzeko.

Arratsaldeko lehen saioa iritsi denean berriz ere ekin diogu tailerrari. Pertsonaia honi erantzuna emateko modurik aurkitu duten galdetu diegu ikasleei eta denen artean haiek ere beste pertsonaia birtual bat sortzea erabaki dute. Orduan, ordenagailua piztu eta denon artean Voki programan sartu gara; pertsonaia birtualaren itxura fisikoa erabakiz eta Voki programa erabiltzen ikasiz. Aipatu behar dut prozesu hau aurrera eramatea ez dela batere erraza izan; izan ere ez du ikasle bakoitzak haren pertsonaia birtuala sortzeko aukera izan, denbora gehiegi eskatzen baitzuen, beraz denon artean egin dute bat. Hau dela eta, 22 ikasleren artean hartu behar izan dituzte pertsona birtualaren itxura fisikoari buruzko erabakiak, eta nola ez, denok ezin izan dute dena nahi izan duten moduan egin. Hala ere, pentsatzen dut, denon artean bakar bat sortzea ere oso aberatsa izan dela, honen bidez elkarlanean jardun ahal izan dutelako, ikasle guztien iritziak eta erabakiak errespetatuz eta haien artean elkarbizitzen ikasiz. 
Hau eginda, tailerraren aspektu zailena dugu oraindik burutzear: pertsona birtualak esango duena denon artean zehaztea, eta hau aprobetxatuz, kultur aniztasunari buruz hitz egitea. Aipatutako hau datorren astean burutuko dugu ikasgelan, eta egin ahala blogean txertatuko dut zuek ikusi ahal izateko!

Oraingoz oso ondo doa gure tailerra, aurrera jarraituko dugu eta espero dugu baliagarria izatea bai guretzat eta bai ikasle eta tutorearentzat noski! Bestalde, saiatuko gara tailerra beste eskolaren batean ere martxan jartzen, hala, taldekide guztiok parte hartzeko asmotan, eta horrela azken hausnarketa denon artean eginez. 

2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

PRACTICUM I. Irakurketa


Gaurkoan irakurketari buruz idatziko dizuet; izan ere praktiketako egun hauetan zehar erabat harritu nauen gaia izan da. 

Gogoan dut nik Lehen Hezkuntzako garai haietan irakurketarekiko nuen jarrera negatiboa; ez nuen irakurtzea gustuko eta ahal nuen guztietan hau ekiditen saiatzen nintzen. Hau kontuan izanda, zaila egin zait benetan orain praktiketan egonda, ikasle gehienen irakurketarekiko jarrera positiboa eta hau lantzeko duten ohitura ona (bai eskola barnean eta bai eskolatik kanpo) ulertzea.

Honen inguruan hausnartu ondoren, jarrera hau eta haren iturriak aztertzeari ekin diot. Horretarako ikasgelan irakurketa lantzeko teknika eta metodoak behatu ditut. Metodo hauek benetan gustuko dituzte haurrek, dibertigarriak iruditzen zaizkie, eta honen ondorioz irakurketa dibertsioarekin lotzen dute. Metodo bat aipatzearren, deigarria iruditu zait “bikoteka irakurtzen” deiturikoa: Ikasleak binaka jartzen dira eta haur batek irakasle lana egiten du, besteak ikaslearena egiten duen bitartean. Irakasleak etxean irakurgaia prestatzen du eta ikasgelan ikasleari irakurtzen dio ozen. Ondoren ikasleak irakurtzen du lehen aldiz, eta irakasleak zuzendu egiten dio hitz bat gaizki irakurtzen duen bakoitzean, baita ondo irakurtzen duenean zoriondu ere . Testua irakurrita, honi buruzko hausnarketa egiten dute bion artean. 

Gainera, bi astean behin haurrek liburutegira joateko aukera dute, horrela irakurketa eta harremanen artean lotura eginez. Tutoreak azaldu didan moduan, liburutegira joatearen helburu nagusia ez da haurrak irakurtzera bultzatzea, baizik eta irakurketaren bitartez gozatzea, denak elkarrekin egotea, eta bide batez isiltasunez eta errespetuz ibiltzen ikastea. Gainera, egonaldi honetan ez zaie haurrei irakurri beharrekoa ezartzen, askeak dira haien gustuko liburuak hartzeko eta hauek nahi dituzten moduan irakurtzeko. Haurrek benetan gogoko dute liburutegiko egonaldia, eta niri zoragarria  iruditzen zait benetan haurrak ikasten duten bitartean disfrutatzen ikustea.

2015(e)ko urriaren 18(a), igandea

Praktiketan burutzeko IKT-ko tailerra.

Praktikak hasi aurreko astean taldekideak haurrekin burutu behar dugu tailerra prestatzen aritu gara. Buelta asko eman ondoren, honakoa da aurrera eramatea pentsatu dugun tailerra:

Lehenik eta behin, haurrekin batera gelako blog bat sortzea pentsatu dugu (batzuek badute, baina ez dutenekin), tailerraren emaitzak horrera igotzeko eta haien eskura egoteko asmoz. Tailer hau VOKI programarekin burutzea pentsatu dugu, zeinak pertsona birtual bat sortzeko aukera ematen duen. Gure asmoa beraz, taldekideok VOKI bidez pertsonaia birtual bat sortzea da, zeina kanpotarra izango den eta hari eta bizi den tokiari buruz hitz egingo duen.

Haurrei, "bideo" hau ikusita, haiek ere halako pertsonaia birtual bat sortuz, guk erakutsitakoari erantzun bat ematea proposatuko zaie. Haurren erantzuna askea izango da, baina argi utziko zaie haien ama hizkuntza eta guk sortutako VOKI-arena ez dela berdina, harekin komunikatzeko beste hizkuntza bat erabili beharko dutelarik. Honen harira, haurrei ulertarazi nahi diegu kultura aniztasuna geroz eta nabarmenagoa dela gure inguruan, eta geure laguntza eta errespetua ezinbestekoa dela, ez baitute gure hizkuntza bera erabiltzen eta ez baitituzte geure ohitura berdinak jarraitzen.

Azkenik, lana bukatuta, ateratako emaitza blogera igoko dugu.

Hemen uzten dizuet tailerraren dekalogoa: 


2015(e)ko urriaren 16(a), ostirala

PRACTICUM I. Taldean eztabaidatzea

Azken bi egun hauetan gelako funtzionamendua aztertzen ibili naiz, eta tutorearekin hitz egin ondoren gelan erabilitako metodo eta estrategiak hobeto ulertu ditut. Irakasleak garrantzia handia ematen dio ikasleen arteko eztabaidari; horregatik egunean zehar burututako lanak, ariketak eta jarduerak taldean egin ohi dituzte ikasleek, haien artean iritzi desberdinak azalduz eta ariketak bideratutako gaiei eta arazoei buruz eztabaidatuz. Iritzi desberdinak azaltzen dira eta irakasleak ez du bat bera ere alde batean uzten, iritzi guztiak ondo daude; haien arteko eztabaidak esanguratsuak dira benetan. Gainera, eztabaida hauen bidez, ikasleek haien pentsamenduak adierazten ikasteaz gain, hauek arrazoitzen ere ikasten dute.

Esan beharra dago, lan egiteko modu honen ondorioz gelakide guztien lan erritmoa ez dela berdina, beraz, denek ez dutela beti ariketa kantitate berdina egiteko astirik izaten. Hala ere, ariketa kopuruak ez du garrantzia handirik, ikasleak helburu berera iritsiz gero. Irakasleak beraz, ariketa ezberdinak eta testuliburuak baliabidetzat erabiliz, ikasleak haien artean eztabaidatzera bideratzen ditu, azken batean ikasle guztiak berak ezarritako helburura iristen direlarik. 

 

2015(e)ko urriaren 14(a), asteazkena

PRACTICUM I. Bigarren eguna

Gaurkoan, ikasleen maila eta ezaugarriak pixkatxo bat ezagututa, ikasgelako erritmoa, giroa, metodoak eta abar behatzeko aukera gehiago izan dut. Goizean globalizatua eta gaztelania landu ditugu. Globalizatua irakasgaian, ortografia lantzen ibili gara, haurrak idatziaren zuzenketaren garrantziaz ohartzeko helburuarekin. Gaztelanian berriz, atzo lantzean hasitako testuarekin ibili gara lanean, zeinak beste gai batzuen inguruan hitz egiteko bidea ireki digun:

Alde batetik, gelan gertatutako gatazka baten inguruan hitz egiten aritu gara; ikasleek haien iritzia eman dute, besteena entzun dute eta irtenbide bat bilatu diote (haien kabuz). Bestalde, talde lanaren garrantziaz hitz egiten egon gara, ikasleen artean talde lanean aritzean sentitzen dutenari buruz hitz eginez.

Tartean musika klasea ere izan dute, eta tutoreak eta nik ordu hau aprobetxatu dugu IKT-ak lantzeko programak kuxkuxeatzeko. Hainbat programa ezberdinekin saiakerak egin ditugu eta baliagarriak egingo ez zaizkigunak alde batera utzi ditugu.

Arratsaldeko bi orduak plastika klasean eman ditugu. Aurreko astean azaldutako Chillidaren grabatuetan inspiratuz, haiek haien arte lana sortu dute taldeka. Hau egin ondoren denon artean lanak erakutsi ditugu, eta ikasle bakoitzak haren esperientzia kontatu du; arte lana burutzen zuen bitartean nola sentitu den ere espresatuz.
Esanguratsua da irakasleak ikasleari ematen dion protagonismoa; baita haurraren sentimenduak lantzeari eta elkarbizitzen ikasteari ematen zaion garrantzia. 

2015(e)ko urriaren 13(a), asteartea

PRACTICUM I. Lehenengo eguna.

Astebukaera luze hau ondoren iritsi da azkenean hainbeste denboraz itsaroten egon naizen unea; praktikaldiaren hasiera, Aitor Ikastolako 4.mailan. Honekin batera galdera asko etorri zaizkit burura; zer esan gelara sartzean? nolakoak izango dira gelako metodoak? zein eduki landuko ditugu?... urduri nengoen benetan, baina tutorea ezagutu bezain pronto pasa egin zait, irribarre batez lagunduta lasai egoteko esan didanean. 

Gelara sartu naizenean ikasle guztiak begiratu naute, eta haien zalantzak argitzeko, nire buruaren aurkezpen txiki bat egin dugu. Hau argituta, klasearekin hasi gara; lehenik matematika izan dugu, ondoren gaztelania eta bazkalordua eta gero globalizatua. Ikasgai  hauetan zehar irakaslea behatzen aritu naiz azalpenak ematen zituenean; haren teknikak, metodoak, etb. aztertuz. Hala ere, esan beharra dut, irakasleak haurrei eman diela ikasketa prozesuaren protagonismoa, beraz, zalantzak argitzeko azalpen nahikoa eman duen arren, ikasleak haien kabuz talde lanean utzi ditu. Era hontara, haien arteko elkarlana nabaria izan da. Gainera, laguntzaile bezala ibili den arren, pentsaaraztera bultzatu ditu mlomentu oro, zalantzak argizteko baliabide desberdinak proposatuz (interneta, hiztegiak, eskolako liburuak...). Behin proposatutako lanak bukatuta, talde guztiaren artean komunean jarri ditugu, hala, ikasle guztien ahozko adierazpenari garrantzia emanez, eta euskararen gramatika eta ikasgai desberdinetako (matematika kasu honetan) hitz teknikoak landuz. Burututako lanetan gainera, irakurketa eta idatziak ere landu ditugu.

Ikasleak lanean ibili diren bitartean, ni irakasle moduan ibili naiz, tutoreak egiten zuen moduan ikasleak lagunduz eta zalantzak argituz. Esan beharra dut hasiera batean kosta egin zaidala ikasleengana gerturatzea, baina denborarekin urduritasunak alde batera utzi ditut eta nahiko ondo moldatu naiz. 


2015(e)ko urriaren 8(a), osteguna

IKT-KO SAIO TEORIKOA, URRIAK 6

1. Saio teorikoan egindakoaren deskripzioa.


Saioarekin hasteko, irakasleak “Panoptikoa” izeneko espetxe eraikin baten ereduaren berri eman zigun, zeina Jeremy Bentham-ek diseinatu zuen. Irakasleak azaldu zuenez, eraikinaren erdialdean espetxeratuak behatzeko dorre bat aurkitzen zen; hori bai, zelatatuek ez zituzten zelatatzaileak ikusten. Gai honen harira, irakasleak taldeka burutzeko ariketa bat proposatu zigun: Alde batetik, IKT-ekin loturiko hainbat zelatatzaileren zerrenda bat idatzi behar genuen, bakoitzaren alboan era horretan zelatatuak izan garenean nola sentitu garen adieraziz. Bestalde, aipatutako hau gelakide guztiekin komunean jarri ondoren, aipatutako egoera bakoitzari irtenbidea ematen saiatu ginen, zelatatzaileei erresistentzia egiteko teknikak proposatuz. Ariketa hau ondorengo taulan bildu genuen:



NORK?
NOLA?
ERRESISTENTZIA
Egela
Nabigazioaren kontrola
Pertsona batek besteei pasatzea irakurgaia;Beti irekia edukitzea...
Gps mugikorra
Posizionamenduaren kontrola
Kentzea
Google
Datu pertsonalak-guztiak
Asmatzea
Banketxeak/ Kreditu txartelak
Datuen kontrola
Ahalik eta gutxien
Facebook
Datuak, noiz konektatu
Argazkiak ez etiketatu
Whatsapp
Konexioen azterketa
Tik bikoitza kendu/ ordua kendu/ Porfileko informazioa kontaktu batzuei bakarrik erakustea...
Zerbitzuetako kamerak
Gure mugimenduak
...
Webcam (drone)
Sartu daitezkeelako
Pegatina
Konpainia telefonikoak
Lokalizazioa, erabilerak...
“Modo avión”


Ariketa hau burutzeaz gain, saio teoriko honetan, orain azalduko dizkizuedan bi bideo ikusi genituen:


Bideo honetan Marta Peirano-k kontrolari buruz hitz egiten digu; gaur egun, konektatuta bizitzearen ondorioz izugarrizko kontrolpean bizi garela azaltzen digu, honen errudun nagusiak gu garela ohartaraziz. Horregatik, bideo honen bidez Marta Peiranok anonimotasuna eta pribatutasuna gordetzearen garrantzia azpimarratzen du, honen inguruan gugan hausnarketa bat gauzatuz.




Bideo honen bidez lehenik eta behin esan nahi da internet bidezko kontuak egiten ditugunean ondorengo galderak egin beharko genizkiokela geure buruei: zein da baliabide honen jabea? Zer egiten ari dira geure informazio guztiarekin?


Pribazitatea gordetzearen garrantzia azpimarratzen da, publikoki idazten dugun guztia gure kontran jarri daitekeelako. Hala ere, bideoan azaltzen da ez dela batere erraza pribatutasun hau gordetzea, hau dela eta, garrantzitsua dela sare sozialetan edozein mugimendu burutu aurretik analisi ideologiko bat egitea, sare hauek pertsona eredu desberdinei zuzenduak daudelako. Bestalde, hezitzaile moduan, ikasleei analisi hau egitera bultzatzea gomendatzen da. 


Hau esanda, sare sozialei buruz hitz egiten du, haien funtzionamendua pixka bat azalduz, eta gu ondorengoaz ohartaraziz: Richard Stallman-ek zioen moduan, “Facebook no es tu amigo: es un motor de vigilancia masiva”. Eta guzti honetaz babesteko (gu ikasteko balio duten iragarkiak ekiditen esaterako) bi tresna aipatzen dira azkenik bideoan. 
 


2. Gelan ikusitakoarekiko gure posizionamendua, hausnarketa.



Aurreko lanen batean aipatu dudan bezala, ez da batere erraza gaur egun konektatua egon gabe bizitzea; izan ere gizarteak gu konexio horren menpe egotera eramaten gaitu, eta askotan ez gara ohartu ere egiten. Nik adibidez, ezagutzen dut mugikorrik gabe bizitzen saiatu den pertsona bat, baina lan munduari dagokionez, lankide edota enpresarekin komunikatu ahal izateko mugikor bat eman diote, zeina beti gainean eraman behar duen. Zelatatzaileak erraz lortuko du beraz gu haren kontrolpean egotea, baina honi neurri batean aurre egin diezaiokegu? Noski baietz, Marta Peirano-k gelan ikusitako bideoan dioen moduan, geure anonimotasuna eta datuen pribatutasuna gordez, eta nola ez, erabilitzako aplikazio eta programekin kontu handia izanez.


3. Ikusitako guztia hezkuntzarekin erlazionatu. Gure posizionamendua irakasle moduan. Zer egin beharko genuke honekiko eskolan?


Sare sozialak, internet bidezko programak edota aplikazioak... tresna interesgarri eta baliaarriak izan daitezke hezkuntza munduan, bai irakasle-ikasle arteko komunikaziorako eta bai ikasleen ezagutzarako. Ondo dago ikasleei IKT-en berri ematea, eta hauen erabilera sustatzea, haien ezagutza garatzen laguntzeaz gain, hainbat aspektutan aurrerapen handia suposatzen baitute. Hala ere, irakasleek argi izan behar dute, informazio honekin ez dela nahikoa; beharrezkoa dela ikasleei konektatua egoteak ekar ditzazkeen arrisku edota ondorioen berri ematea. Ezinbestekoa da ikasleek IKT-ak kontrolatzen ikastea, atzetik daramazkiten ondorioak ondo ulertuz; eta hau, irakaslearen zeregina da.

2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

TALDEKO ARGAZKI-ELKARRIZKETA

Lanarekin hasteko, taldekideen artean gure argazki-elkarrizketak erakutsi ditugu, eta bakoitzak lanari buruzko iritzia eman du. Hala, denen artean eztabaidatu ondoren, honako ondorioak izan dira atera ditugunak:

Lehenik eta behin, aipatu nahi dugu ez zaigula erraza egin bizitzan konektatuak ez gauden 10 egoera edota momentu aurkitzea; izan ere, bizitzan zehar burututako ekintzak milaka dira, baina gure egunerokotasunean gauzatutakoak gutxi batzuk besterik ez. Zergatik? Haurtzaroko garaietan IKT-ak ez zeuden orain dauden beste garatuak, ez genuen mundu hori asko ezagutzen, eta ez genuen ezagutzeko beharrik ikusten. Gaur egun berriz, zaila da konektatu gabe bizi den pertsona bakar bat aurkitzea. Eta, gure nahia hori izanda ere, askotan gizarteak gu konexio horren menpe egotera eramaten gaitu, bai lan munduan, ikasketetan... eta batzuetan ez gara ohartzen, konektatua egoteak kontrol bat daramala atzetik, konektatuak gauden une oro kontrolpean bizi garela. Horrela, IKT-ak tresnatzat erabiliz, gizartea gure askatasuna mugatzen doa, eta guri kontrakoa saltzen digu. Adibidetzat ditugu twitter, facebook eta halako sare sozialak, zeinak pentsamendu eta iruzkinak islatzeko tresnatzat ditugun, “norbaitek” iritzi hauek gure kontran erabiltzen dituen arte. Gure ekintzak, mugimenduak, baita iritziak ere... mugatuak egongo dira konektatuta bizi garen mundu batean. Hau dela eta, kontu handiz ibiltzea ezinbestekoa da, pribatutasuna gordetzea.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar IKT eta konexio munduak abantaila ugari dakartzatela haiekin. Interesgarria da benetan ikasgelan ikasleekin hauen inguruan aritzea eta IKT-en inguruko ezagutza zabaltzea, aplikazio eta programa ezberdinak erabiliz. Hala ere, aurretik egindako hausnarketa dela eta ikusi dugu garrantzitsua dela baita ere konexio honek atzetik daramatzan arriskuen berri ematea, eta ikasleei hauek ekiditeko estrategiak erakustea. Ezagutza zabaltzea ez da IKT-en berri ematean bakarrik oinarritzen, haien erabilerak eta kontrolak ere honi lotuta doaz, eta beharrezkoa da ikasleei hau ulertaraztea.

2015(e)ko urriaren 5(a), astelehena

ARGAZKI- ELKARRIZKETA

KONEKTATU GABE BIZI GAITEZKE?


Konektatuta egotea tresna aberasgarri izatetik egunerokotasuneko behar bat izatera pasa da. Hau dela eta, bestelako ekintzak alde batera utzi ohi ditugu, galtzen ari garenaz ohartu gabe. Honen inguruan hausnartu ondoren, konektatuta egon gabe bizitzen ditudan hainbat momentu bildu ditut. hemen uzten dizkizuet:   



1.















 

Bizikletaz ibiltzea, kirol pixka bat egitea... ez dator batere gaizki teknologia berrietatik pixka bat ihes egiteko!

2. 












 
Noizbehinka ondo dago familiarekin egotea, eta bakoitzak bere bizitzaren berri ematea.
  

3.













 

Hondartzara joan, erlaxatu, eguzkia hartu... udarako plan ideala izan daiteke. Ez dago udan etxetik atera eta inguruneaz gozatzearen parekorik!


 4.













 

Duela zenbat ez duzuela benetako liburu bat eskuen artean izan? Egungo teknologia berriak direla eta, liburuak ere tablet edota ordenagailuengatik aldatu ditugu!

 5.

 











 

Bideojokoak? Eta zer gertatu da garai batean hain dibertigarriak ziren mahi jokoekin? Nik oraindik botatzen ditut karta partidak lagunekin, eta zuk? 

 6.  

 








Lagunekin geratzea ez da ideia txarra arratsaldeak pasatzeko; gauza ugari egin daitezke jende asko elkartzen denean!! Ondo dago haiekin komunikatzeko teknologiak erabiltzea, baina batzuetan ez al da aberatsagoa kontaktu fisikoa izatea?




7. 


                         






Interneten edonolako argazkiak aurki ditzakegun arren, ez dago mendi bat igo eta handik ikusitako paisaia bezalakorik!!


8.  


 







 

Paseatu: Begiak mugikorretik altxaz gero ohartuko zarete paiasa izugarriak ditugula ondoan! 

9.

 












 
Taberna batera joan eta kafetxo bat hartzea ere denbora pasatzeko modu aproposa da.

 10.

 














   
Eta nagiak diren haientzat...zergatik ez sofan etzan eta siesta bat bota? Teknologia bazter batean uzteko ez dago asko mugitu beharrik! 


Baina, bizi al gaitezke konexio hori gabe? Nire ustez gaur egun IKT-ek izugarrizko garrantzia hartu dute, eta oso zaila da puntu honetan egonda atzera egitea; izan ere, IKT-ak abantaila handia dira guretzat, batez ere denbora aurrezte handia suposatzen dutelako. Gainera, gizarteak nolabait behartu egiten gaitu konektatuak egotera, gaur egun beharrezko baita hau eguneroko bizitza egin ahal izateko; bai ikasketetan, lanean, komunikaziorako...eta hala, gu kontrolpean izatea lortzen du. Gure egunerokotasunean konektatuta egotea ezinbestekoa da, baina konexio gabe bizi ziren garai haietan arazorik gabe aritzen ziren. Beraz, argi dago konektatu gabe bizi gaitezkeela, baina egungo gizarteari gu konektatuta egotea komeni zaionez, hala izango dela. 

Hala eta guztiz ere, beharrez kanpoko erabileraren kontrola guk daukagu; beraz, konektatua egotearen erabakiaren zati bat gure esku dago. Esan beharra dago inguruneak gauza asko egiteko aukera ematen digularik, askotan teknologiek itsutu egiten gaituzteela, benetan interesgarriak izan daitezkeen gauzak baztertzeraino. IKTak lagungarriak eta erabilgarriak izan daitezke benetan, baina haien erabilera neurtzen ikasi behar dugu!