2015(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

IKT-ko tailerra martxan. VOKI (Bigarren zatia)


Gaur, gaztelerako ordua aprobetxatuz, tailerraren bigarren zatiari ekin diogu; haurrak haien pertsonaia birtualak Sofiari zer erantzungo dion erabakitzen ibili dira. Irakasleok gauza bakarra eskatu diegu ikasleei haien lana bideratzeko: ikasle guztien parte hartzea.
 
Hau esanda, ikasleak ideiak bota dituzte ozenki, gainontzeko ikasleek ideia horri buruzko iritziak ematen zituzten bitartean (esaldia hobetzeko edota aberasteko asmoz). Ikasle guztiek izan dute zerbait esateko aukera. Ideiak finkatzen genituen bitartean, ikasleetako batek koaderno batean bildu ditu eta egia esan elkarlan honen ondorioz oso testu aberatsa sortu dute, ideia asko eta interesgarriz betea. Gainera, testu hau idazteak Sofiaren kulturaren berri izateko interesa sortu die haurrei, beraz, interes hau asetzearren Sofiari honen inguruko galderak egitea erabaki dute. Honen ondorioz, geure tailerra ez da erantzun soil batean geratuko, oraindik ere Sofia-ren eta Aitor-en (pertsonaia birtualak) arteko elkarrizketak aurrera jarraituko du, eta nork daki noiz arte!

Testu hau burutzeak gainera kultur aniztasunari buruz hitz egiteko bidea zabaldu digu, eta denbora labur batez izan bada ere, honen inguruan hitz egiten ibili gara gelan. Honen harira, Sofiaren kasua ikasgelako beste hainbatek bizi izan dutenarekin lotu dugu; gogora ekarri dituzte ikasle hauei egindako harrerak eta haiekin izan duten jarrera; eta ikasleek honen inguruan hitz egiteko eta sentimenduak adierazteko aukera izan dute.

Oraindik tailerra ez dugu guztiz amaitu, azken zatia dugu burutzear; pertsonaia birtualari testua gehitu eta ateratako emaitza ikusita blogera igotzea. Hau egin ondoren, ikasleen elkarlanaren fruitu izango den pertsonaia hau blogera igoko dut nik ere, zuek ikusi ahal izateko!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina