Gaur, taldeko 2k (Leire eta nik) IKT-ko tailerra jarri dugu martxan Aitor Ikastolako 4.mailan. Amerikako gaiarekin hasi garela eta, ordu hau aprobetxatu dugu
haurrei prestatua genuen pertsonaia birtuala erakusteko.
Leire gelan sartu da bere burua aurkeztuz, eta bidebatez haien blogean zerbait arraroa ikusi duela azaldu die ikasleei; hitz egiten duen pertsonaia bat. Hau entzun orduko haurrei jakinmin handia sortu zaie, beraz, informatika gelara joan gara laster batean misterioa argitzera; eta han, blogean sartuta Leirek aipatutako pertsonaia ikusi dugu denok batera:
"Personaia hau Sofía deitzen da eta Argentinakoa da (atzoko klasean munduko mapa bidez Amerikaren kokapenaren inguruan ibili zirenez, erraza egin zaie Argentina non dagoen ulertzea). Sofíaren gurasoek lana aurkitu dute Euskal Herrian eta honen ondorioz bere herria atzean utzi beharko dute. Sofía kezkatua dago, hemen erabiltzen dugun hizkuntza ez delako Argentinan erabiltzen dutenaren berdina, gainera haren lagunak eta familia ere atzean utzi beharko ditu eta triste sentitzen da." Hemen uzten dizuet prestatu diegun bideo txikia:
Hau ikusita haurrei galderak egin dizkiegu, azken helburu batera iristeko asmotan: Haurrek, pertsonaia birtual honi erantzun bat emateko, haiek ere beste pertsonaia bat sortu behar dutela ondorioztatzea. Horretarako honako galdera hauek egin dizkiegu: “ erantzun bat eman beharko diogu ezta?”, “zer esango diogu? Eta nola?”. Hasiera batean haien artean eztabaidatu ondoren, haurren erantzunak ondorengoak izan dira: “zergatik ez diogu karta bat idazten? Eta postal bat?”, “bere etxera deitu dezakegu”. Orduan argi utzi diegu ez dugula bere helbidea, eta etxeko telefonoa ere ez, guk ez dakigula bideoan esandakoa baina gehiago pertsona hartaz.
Azken
batean, ikasleetako batek ordenagailuko pantailara begiratu eta esan
du: “bideo hori bezalako bat egin dezakegu denon artean”. Hau
entzun orduko tutoreak eta guk ikasleei honi buruz pentsatzeko esan
diegu, denon artean erantzun bat emateko era on bati buruz. Saioa
amaitutzat eman dugu eta bazkalorduko denbora eman diegu honen
inguruan hausnartzeko.
Arratsaldeko
lehen saioa iritsi denean berriz ere ekin diogu tailerrari.
Pertsonaia honi erantzuna emateko modurik aurkitu duten galdetu diegu
ikasleei eta denen artean haiek ere beste pertsonaia birtual bat
sortzea erabaki dute. Orduan, ordenagailua piztu eta denon artean
Voki programan sartu gara; pertsonaia birtualaren itxura fisikoa
erabakiz eta Voki programa erabiltzen ikasiz. Aipatu behar dut
prozesu hau aurrera eramatea ez dela batere erraza izan; izan ere ez
du ikasle bakoitzak haren pertsonaia birtuala sortzeko aukera izan,
denbora gehiegi eskatzen baitzuen, beraz denon artean egin dute bat.
Hau dela eta, 22 ikasleren artean hartu behar izan dituzte pertsona
birtualaren itxura fisikoari buruzko erabakiak, eta nola ez, denok
ezin izan dute dena nahi izan duten moduan egin. Hala ere, pentsatzen
dut, denon artean bakar bat sortzea ere oso aberatsa izan dela, honen
bidez elkarlanean jardun ahal izan dutelako, ikasle guztien iritziak
eta erabakiak errespetatuz eta haien artean elkarbizitzen ikasiz.
Hau
eginda, tailerraren aspektu zailena dugu oraindik burutzear: pertsona
birtualak esango duena denon artean zehaztea, eta hau aprobetxatuz,
kultur aniztasunari buruz hitz egitea. Aipatutako hau datorren astean
burutuko dugu ikasgelan, eta egin ahala blogean txertatuko dut zuek
ikusi ahal izateko!
Oraingoz
oso ondo doa gure tailerra, aurrera jarraituko dugu eta espero dugu
baliagarria izatea bai guretzat eta bai ikasle eta tutorearentzat
noski! Bestalde, saiatuko gara tailerra beste eskolaren batean ere martxan jartzen, hala, taldekide guztiok parte hartzeko asmotan, eta horrela azken hausnarketa denon artean eginez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina