2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

PRACTICUM I. Irakurketa


Gaurkoan irakurketari buruz idatziko dizuet; izan ere praktiketako egun hauetan zehar erabat harritu nauen gaia izan da. 

Gogoan dut nik Lehen Hezkuntzako garai haietan irakurketarekiko nuen jarrera negatiboa; ez nuen irakurtzea gustuko eta ahal nuen guztietan hau ekiditen saiatzen nintzen. Hau kontuan izanda, zaila egin zait benetan orain praktiketan egonda, ikasle gehienen irakurketarekiko jarrera positiboa eta hau lantzeko duten ohitura ona (bai eskola barnean eta bai eskolatik kanpo) ulertzea.

Honen inguruan hausnartu ondoren, jarrera hau eta haren iturriak aztertzeari ekin diot. Horretarako ikasgelan irakurketa lantzeko teknika eta metodoak behatu ditut. Metodo hauek benetan gustuko dituzte haurrek, dibertigarriak iruditzen zaizkie, eta honen ondorioz irakurketa dibertsioarekin lotzen dute. Metodo bat aipatzearren, deigarria iruditu zait “bikoteka irakurtzen” deiturikoa: Ikasleak binaka jartzen dira eta haur batek irakasle lana egiten du, besteak ikaslearena egiten duen bitartean. Irakasleak etxean irakurgaia prestatzen du eta ikasgelan ikasleari irakurtzen dio ozen. Ondoren ikasleak irakurtzen du lehen aldiz, eta irakasleak zuzendu egiten dio hitz bat gaizki irakurtzen duen bakoitzean, baita ondo irakurtzen duenean zoriondu ere . Testua irakurrita, honi buruzko hausnarketa egiten dute bion artean. 

Gainera, bi astean behin haurrek liburutegira joateko aukera dute, horrela irakurketa eta harremanen artean lotura eginez. Tutoreak azaldu didan moduan, liburutegira joatearen helburu nagusia ez da haurrak irakurtzera bultzatzea, baizik eta irakurketaren bitartez gozatzea, denak elkarrekin egotea, eta bide batez isiltasunez eta errespetuz ibiltzen ikastea. Gainera, egonaldi honetan ez zaie haurrei irakurri beharrekoa ezartzen, askeak dira haien gustuko liburuak hartzeko eta hauek nahi dituzten moduan irakurtzeko. Haurrek benetan gogoko dute liburutegiko egonaldia, eta niri zoragarria  iruditzen zait benetan haurrak ikasten duten bitartean disfrutatzen ikustea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina